Hasteko, Martxoak 3 Elkartearen lokala bisitatuko dugu, eta haren sorrera, bilakaera eta gauzatzen ari diren proiektuak azalduko ditugu labur-labur.
Ondoren, martxoaren 3ko borroken sinbolo bihurtu den monolitorantz abiatuko gara. Bertan, eskultura horren sinbolismoaz eta leku horretan izan ziren gertakizunei buruz hitz egingo dugu. Gertuko eraikin batean dagoen horma-irudira hurbilduko gara, eta bertan ezagutuko dugu nola hasi eta garatu ziren garaiko langile borrokak. Azalpen honen ondoren, dena gertatu zen elizaren ingurura hurbilduko gara, non eraildako langileez, martxoaren 3aren ondorengo egunez eta emakumeen paperaz hitz egingo dizuegu.
Amaitzeko, elizan sartuko gara, eta bertan, memorialean dauden artelanetako batzuk ikusi ahal izango ditugu, baita leku horretan bertan gertatutakoa islatzen dituzten irudi originalak biltzen dituen bideo bat ere. Gehiago jakin nahi baduzu, bisitatu Martxoak 3 Elkartearen webgunea.