Interesatzen zaizu hezkuntza kritiko feminista? Hegoaldeko epistemologien proposamenak ezagutzen dituzu? Badakizu zerbait jakintzen ekologiari edo justizia kognitiboari buruz? Eta hezkuntza sentipentsatzaileari buruz? Nola birpentsa ditzakegu gure hezkuntza-estrategiak bizi dugun pandemia-egoera honetan?
Galdera horiei guztiei eta beste askori buruz hitz egin nahi dugu Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren V. Biltzarrean: ziurgabetasunaren aurrean, hezkuntza askatzailea. Jardunaldia azaroaren 18, 19 eta 20an izango da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta jada izena emateko epea irekita dago: www.congresoed.org/eu/izen-ematea/
María Paula Meneses (Mozambike), Lia Pinheiro (Brasil), Marta Pascual (Espainia) eta Rosalba Icaza (Mexiko) bezalako pentsalarien eskutik, sistema kapitalista, estraktibista, patriarkala eta kolonialari aurre egiteko gai diren hezkuntza estrategiak ezagutuko ditugu. Autore horien jakintzaz eta esperientziez baliatuz, beste bizi-ereduak sortzera bultzatzen gaituzten horizonte utopikoak marrazteko behar ditugun hezkuntza prozesuei buruz hausnartuko dugu.
Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzak gaur egungo sistemaren alternatibak planteatzeko hainbat eragilek abian jartzen dituzten sozializazio kritikoko prozesu guztiak biltzen ditu. Horregatik, ekitaldi hau hainbat arlotako pertsonentzat da: maila guztietako hezkuntzarekin, GGKEekin, gizarte-mugimenduekin, sindikatuekin, elkarteekin eta abarrekin lotutako pertsonentzat.
Aurreko edizioetan bezala, V. Biltzarra elkarrizketarako gunea izango da, hau da, hezkuntza askatzailearen mugimenduaren proposamen teoriko-praktikoak bateratzeko lekua. Filosofia horrekin, azken 30 urteetan zehar Hegoak hainbat erakunderekin batera antolatutako kongresuak Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren proposamenaren mugarri bihurtu dira.
www.congresoed.org/eu/ webgunean ekitaldiari buruzko informazio guztia aurki dezakezu, baita izena emateko ataria ere. Bertan ezagut ditzakezu gure erakunde finantzatzaileak: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzia eta Gasteizko Udala.
Zure zain gaude!
Ashkan Forouzaniren argazkia, Unsplashetik deskargatua.