Vitoria-Gasteizen, 2021eko azaroaren 18an hasiera izango duen Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren V. Biltzarrak, María Paula Meneses mozambiketarra izango du protagonista. GEH-ren erronkak, ikuspegi dekolonialetik eta bestelako epistemologietatik identifikatzeko asmoarekin, hezkuntza emantzipatzailearen mugimenduaren esparru teorikoa kokatuko du.
Coimbrako Unibertsitateko Gizarte Ikasketen Zentruko ikertzaile nagusia da Meneses. Bere lanean egindako ekarpen ugari eta nabarmenen artean, hegoaldeko epistemologietatik-Boaventura de Sousarekin batera- egindako hausnarketak gailentzen dira, zeintzuen bitartez, jakintzen hierarkizazioa, justizia kognitiboa edo ezagutzaren dekolonizazio-prozesuak bezalako gaiak jorratu ditu. Azken ildo honetan -eta bere jatorriaz eraginda- Menesesek ibilbide luzea egina du Kolonialismoa Afrikan eta Europak izan duen eragina ikertzen. Bere ikerkuntzan jorratu dituen arlorik nabarmenenak Afrikako hegoaldeko historia politikoa eta konplexutasun sozio-legalak izan dira, Mozambike, Angola eta Hegoafrikako lurraldeetan batik bat.
Menesesen hitzaldia, historia eta biologiaren filosofian espezializaturiko Laura Nuño de la Rosa filosofa zientzilariak dinamizatuko du, zein, egun, Pandemiaren eraikuntza -soziala- ikertzen ari den. Ikuspegi honetatik, egungo egoerari buruzko hausnarketa iradokitzaileak egingo ditu, zalantzarik gabe, hezkuntza eraldatzailearen mugimenduaren egungo erronkak definitzen lagunduko dutenak.
Biltzarraren lehen egunean, arratsaldeko 18:30etan, eskainiko den “Ekintzan utopiak eraikitzen ditugu: Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren erronkak” hitzaldia funtsezkoa izango da, sorkuntza kolektiboko taldeek landuko eta oinarritzat izango duten marko teorikoa ezartzeko.