Egilea: Mª Ángeles Llorente Cortés
Monografikoa: Hezkuntza Legea eztabaidagai
Hona hemen Mª Ángeles Llorente Cortések egindako artikulua, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren V. Biltzarreko Hezkuntza Monografikoan egindako aurkezpenean oinarrituta.
1.- AURREKARIAK ETA TESTUINGURUA
Espainiako demokraziaren zortzigarren hezkuntza-legea da hau. Aurretik, LGE, LOECE, LODE, LOGSE, LOPEG, LOCE, LOE eta, 2013tik, LOMCE izan ziren; azken hori LOMLOEk indargabetu du jada.
LOMLOEren hazia aurreko legegintzaldian jarri zen, LOMCE indargabetzea premiazkotzat jota. Bakarrik idatzi zuen PSOEk, eta LOEtik abiatzea erabaki zuen. Bere garaian, zalantza ugari sortu zituen lege hark, funtsezko gaietan sakonean ez sartzeagatik eta “hezkuntza-kalitatearen” ikusmolde jakin batean zentratzeagatik; hain zuzen ere, ikusmolde hori oso lotuta zegoen une hartan espazio neoliberalarekin, eta bere esanahia galduta, “hezkuntza-kalitatea” errendimenduarekin lotzen zuen, eraginkortasunarekin, segregazioarekin, bazterketarekin, ahaleginaren pedagogia klerikalarekin, ikastetxea aukeratzeko askatasunarekin eta abarrekin, horrela beren politika atzerakorrak defendatzeko, hezkuntza negoziotzat hartuta eta ikasleak lan-merkatura bideratutako unitatetzat hartuta. “Hezkuntza-kalitatearen” kontzeptua ikasleei soilik lotzen zitzaien, eta ez hezkuntza-sistema osoari eta sistema horretan esku hartzen duten askotariko faktoreei.
LOMCE bihurtu zen halako planteamenduen adierazle nagusia. Nazioz gaindiko erakundeek −hala nola Munduko Bankuak, NDFk, MMEk eta EBk─ ezarritako kontsigna neoliberalei zorrotz jarraituz, herritar guztientzako hezkuntza publiko unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa narriatu nahi zen, eta itunak eta zentro pribatuak ugaritzea bultzatu, gehien dutenentzako negozio-iturria bermatzeko. Hezkuntza merkatuaren zerbitzura jartzea ─osasungintzarekin egiten ari diren bezala−, horixe da duela hamarkada bat baino lehenagotik zehaztasunez eta inolako konplexurik gabe lortzen saiatzen ari diren funtsezko helburua.
Esparru instituzionaletatik esaten zutenez, eskola-porrotari aurre egiteko eta eskola-uzte goiztiarra saihesteko sortu zen LOMCE. Baina helburu gauzaezinak ziren horiek, bai legearen edukiagatik, bai hezkuntzako murrizketa-politikagatik, bai eta politika ekonomiko guztiz okerragatik ere, politika horrek milioika pertsona bidali baitzituen langabeziara, eta herrialdea hondamendira. Esperientziak eta datu enpirikoek erakusten dutenez, zenbat eta injustizia sozial eta desparekotasun handiagoa izan, orduan eta abandonu-tasa handiagoa eta “porrot” gehiago izaten dira. Gogoratu behar dugu, PP Espainiako estatuko gobernura iritsi zenetik, 2012an 5.212 milioi euro murriztu zirela hezkuntzan, eta 2015ean hezkuntzako gastu publikoa %3,9 ingurukoa izan zela, eta beraz, OCDEko eta EBko azken postuetan kokatu zela (80ko hamarkadarainoko atzerapausoa).
LOMCErekiko aurrekaririk gabeko arbuio-giro batean, LOEtik abiatuta LOMLOE sortu zen, premia handiz, presaka, eta, ondorioz, eztabaida gutxirekin eta inprobisatuz. Nire ustez, erreformismo kontinuista baten aurrean gaude, eta ez da sartzen hezkuntzak gure herrian behar dituen aldaketen muinera.
2.- Ez du HEZKUNTZA SISTEMA PUBLIKO baten alde egiten
Espainiako hezkuntza-erronka nagusia da HEZKUNTZA PUBLIKOA izatea hezkuntza-sistemaren bizkarrezurra, hezkuntzarako eskubide besterenezina bermatuz guztientzat, diskriminaziorik eta bazterketarik gabe. Hezkuntza-sistema publiko, herrikoi eta demokratiko bat behar dugu, gizartea eraldatzen lagunduko duena, berdintasunerantz, justiziarantz eta guztion onerantz eginez; emantzipatzailea izango den hezkuntza bat, dogmatismoari aurre egingo diona eta doktrinamendutik ihes egingo duena, laikoa, doakoa, plurala, zientifikoa, kritikoa, hezkidetzailea eta inklusiboa, ekitatetik abiatuta. Titulartasun eta kudeaketa publikoko hezkuntza-sistema batekin soilik da posible hori; Estatuak egituratua izan behar du, ondo finantzatua eta kalitatezkoa, eta pertsona guztien eta bere gizartearen beharrei erantzun behar die. Beti murritz diren funtsekin, honako hau da bidezkoa, eta legezkoa ere honek beharko luke: diru publikoa, funtsean, eskola publikoetara bideratu behar izatea, eskola horiek baitira klase sozial, kultura eta lurralde desberdinetako pertsonak berdintasun- eta lankidetza-esparru batean elkarrekin bizitzearen aldeko aldarrikapena eta saiakera egiten dutenak.
LOMLOEren ildoa ez da hori. Sare hirukoitza mantentzen du, eta itunak zerbitzu publikotzat hartzen ditu; eskubideetan parekatzen ditu titulartasun publikoko sarearekin, ez betebeharretan. Itunpekoei ez zaie eskatzen oinarrizko printzipioak betetzeko, hala nola erabateko doakotasuna, barne-demokrazia, inklusioa, doktrinamendurik eza, irakasleen kontratazio-baldintzak eta beste hainbat betekizun. Bestalde, ez du itunen izaera subsidiarioa ezartzen, nahiz eta horrek saihestuko lukeen itunpeko ikastetxeak dauden eremuetan gelak eta ikastetxeak kentzea. Ez ditu itunak derrigorrezko irakaskuntzetara mugatzen. Eta hori gutxi balitz bezala, irakaskuntza pribatu-itunduaren onura fiskaletako bat bera ere ez du kentzen: BEZik ordaindu gabe jarraitzen dute (1.500 milioi euro urtean), eta itunpekoak izateaz gain erlijiosoak ere badiren ikastetxeek (%70 inguru) ez dute OHZ ordaintzen beren jabetzengatik. Gertakari horiek hezkuntzarako aukera-berdintasunaren aurkako eraso larria dira, eta kalte argia egiten diote gizarte-kohesioari.
Gaiari dagokionez, komeni da gezurrak gezurtatzea eta argi uztea Konstituzioak ikastetxe pribatuak sortzeko aukera babesten duela, bai, baina ez duela zehazten funts publikoekin finantzatu behar denik ikastetxe horietan eskolatzea.
Ustezko irakaskuntza-askatasunari eta ikastetxea aukeratzeko askatasunari eusten zaie. Hori bere printzipioen artean (1. art, q) jasotzen du LOMLOEk, bai eta eskolatzeari buruzko (84.1 art.) eta ikastetxeei buruzko (84.1 art. 108.6) artikuluetan ere, besteak beste. Hala ere, errealitateak erakusten du aukeratzeko askatasuna falazia hutsa dela, ezin baita askatasunik egon berdintasunik gabe. Ikastetxea askatasunez aukeratzea ez da eskubide bat, baizik eta lehentasun partikular bat adieraztea, eta hori ezin da inolaz ere parekatu guztiek hezkuntza baldintza berberetan jasotzeko duten eskubidearekin. Beraz, ikastetxe jakin bat aukeratzeko lehentasun horri erantzun dakioke, soil-soilik baldin eta hori egitean hezkuntza-plangintzan eta eskola ekitatiboan nagusi izan behar duten lehentasunezko irizpideak aintzat hartzen badira erabat, gizarte-klasea eta familien baliabide pribatuak alde batera utzita. Familia batek bere seme-alabentzat beste hezkuntza mota bat nahiago badu, bere gain hartu beharko ditu “aukeraketa pribatu” horren kostuak, baliabide publikoekin bere lehentasun partikularrak finantzatzeko eskatu gabe; izan ere, horri buruzko hezkuntza-ikerketa guztiek erakutsi duten bezala, gizarte-nahasketarekiko arbuioa baino ez dute ezkutatzen aukeraketa horiek, hau da, seme-alabak beren klase berekoak ez direnekin hezteari dioten arbuioa.
3. Ez da bermatzen KONTZIENTZIA ASKATASUNA, ez eta LAIKOTASUNA ere
Kontzientzia-askatasuna Europako legerian eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean modu globalean jasotako eskubide bat da. Gizaki batek biziko den inguruneekin ezartzen dituen harreman ugarien bidez eraikitzen da kontzientzia; prestakuntza-prozesu bat ere eskatzen du, eta prozesu horretan, pertsona bakoitza bere nortasuna modelatzen eta sinesmen eta balioen esparru kontzeptual bat sortzen joaten da, eta horrek ematen dio bere betebeharrak gauzatzeko aukera eta bere eskubideez gozatzea ahalbidetzeko exijentzia.
Beraz, kontzientzia hezi egin daiteke, eta, alde horretatik, manipulagarria da. Kontzientzia askea askatasun-testuinguruetan baino ezin da eratu, doktrinamenduetatik eta era guztietako inposizio eta fanatismoetatik urrun. Kontzientzia askea pentsatzeko gaitasunarekin lotuta dago, eta hori hezkuntzarekin. Hezkuntzaren zeregina da errealitatearen hainbat ikuspegi eta interpretazio erakustea, eta horiek aztertzen laguntzea, pertsonaren oinarrizko eskubideak erreferentziatzat hartu eta ikuspegi kritiko batetik zalantzan jarriz. Pertsona bakoitzak bere nortasuna eraikitzeko baldintza egokiak sortu behar dira, loturarik gabe eta komuna dena desberdintasunen gainetik jarriz. Hezkuntza horrek ikertzailea eta kritikoa izan behar du, eta pentsamendu askea eta dibergentea sustatu behar ditu. Eskola laikoak ez du munduaren ikuspegia inposatzen, baizik eta pertsona bakoitzak berea askatasunez eraikitzeko baldintzak sortzen ditu.
Kontzientzia-askatasuna eta laikotasuna dira edozein hezkuntza-legetan gailendu behar den etikak berezkotzat izan behar dituen beste bi elementu. Beste behin ere, agerian geratu da legegileen ausardia txikia, hierarkia katolikoak 1979az geroztik dituen pribilegioak mantendu baitituzte, konstituzio-estatu akonfesionala izan arren. LOMLOEk ez du ikasleen kontzientzia-askatasuna bermatzen, ez du laikotasunaren aldeko apusturik egiten, eta, horrela, haurren oinarrizko eskubideetako bat babesteko aukera historikoa galtzen da, horiek beste ezein kontsiderazioren gainetik dauden arren. Erlijio katolikoaren irakasgaiari eusten zaio, eta doktrinamendua praktikatuz neutraltasun ideologikoa urratzeaz gain, ikastetxeen antolaketa- eta ordutegi-egitura baldintzatzen du horrek. Anomalia demokratikoa da beren lanpostuetara gotzain baten borondatez iristen diren erlijio-irakasleak mantentzea eta diru publikoarekin ordaintzen jarraitzea. Era berean, sinbologia erlijioso orok eskolatik kanpo geratu behar du, inor mindu ez dadin eta denak gustura senti daitezen.
Esan beharra dago, halaber, erlijioek, ez bakar batek, ez guztiek batera, ez dutela bizitza espiritualaren monopolioa; izan ere, filosofia, artea, zientziak eta prestakuntza-diziplina guztiak elikatzen dira hortik, eta espiritualtasun-modu desberdinak adierazten dituzte.
LOMLOEren ekarpen bakarra da erlijioaren alternatiba ezabatu egiten dela, eta ebaluagarria izateari uzten diola.
4.- Ez du ikasleen INKLUSIOA MODU ESANGURATSUAN erraztuko
Aukera-berdintasuna bermatzeko bigarren funtsezko elementua HEZKUNTZA-INKLUSIOA ahalbidetzea da, hau da, ikasle guztien hezkuntza integrala ahalbidetzea, kalitatezko baldintzetan. Inklusioa prozesu gisa ulertu behar da: prozesu horretan, banakako desberdintasunak errespetatuz, ikasteko aukera ematen zaie guztiei, norberaren eta besteen onarpenetik abiatuta eta lankidetzaren eta elkartasunaren bidez. Esan behar da ekitatea eta aukera-berdintasuna maiz nahasten direla, eta, hala ere, jardunbide desberdinak dakartzatela. Berdintasuna pertsonen eskubideei dagokie, eta ekitatea, berriz, eskubide horiek gauzatzeko moduari ere bai. Berdintasuna guztiak modu berean tratatzea da, eta ekitatea, berriz, pertsona bakoitzari behar duena ematea, berdintasuna bermatzeko. Horrek esan nahi du aniztasunari erantzuteko eta desberdintasunak konpentsatzeko neurriak ezarri behar direla, ikasle guztiek aurrera egin dezaten, salbuespenik gabe.
Horretarako, funtsezkoa da sare publiko osoan 0-3 urte bitarteko plazen eskaintza ugaritzea, hezkuntza-plan globalekin, unibertsal bihurtu arte, eta 0-6 urtekoen sare publiko bat sortzen aurrera egitea. Era berean, funtsezkoa da ikastetxeek beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak izatea lehenbailehen, NBEren Konbentzioak dioen bezala, desgaitasuna duten haurrak ikastetxe arruntetan sartzeko. Beharrezkoa da, halaber, ratioak murriztea etapa guztietan, eta, horretarako, irakasle gehiago kontratatzea eta haien lan-baldintzak hobetzea, bai eta hasierako eta etengabeko kalitatezko prestakuntza izateko betebeharra eta eskubidea bermatzea ere. Gainera, hasierako eta etengabeko prestakuntzak ikasgeletako praktikari lotutako osagai pedagogiko eta didaktiko sendoak izan behar dituzte. Irakasleek beren prestakuntza planifikatzeko aukera izan behar dute, eta horretarako denbora. Askotan eskatu izan den beste elementuetako bat da beste profesional batzuek ere esku hartzea ikastetxeetan.
LOMLOEren alderdi positiboetako bat da Haur Hezkuntza nortasun propioa duen hezkuntza-etapatzat aitortzen duela. 0-3 urteko zikloaren izaera hezitzailea eta ez-asistentziala berreskuratzen du, curriculum propioa eta sare publikoan 0-3 etapa bultzatzeko plan bat ezarriz. Era berean, elementu positibotzat jo daiteke Lehen Hezkuntzan hiru zikloko egitura berreskuratzea, antolaketa hori hobeto egokitzen baitzaio ikasleen garapenari, eta lan globalizatuagoa egiten laguntzen baitu.
13 urtetik aurrera LOMCEn aurreikusitako ibilbide bereizle edo banatzaileak ezabatzen ditu, baita errebalida zitalak ere, PPk berak sine die atzeratu behar izan zituenak. Eta DBHko titulua ematen duten curriculum-aniztasuneko programak berreskuratzen ditu.
Alabaina, atal bakar batean ere ez da jasotzen ratioak murrizteko premia, ekitatea ahalbidetuko duen hezkuntza pertsonalizatuago eta inklusiboago batean aurrera egiteko. Zentsu-ebaluazio diagnostikoak mantentzea da LOMLOEk ideologia neoliberalari ezkutuan egiten dion beste kontzesioetako bat. Ebaluazioa prozesu bat da, ez ikasleei bakarrik eta guztiei modu berean egindako proba-sorta bat. Ebaluazioak, balioko badu, irakasteko eta ikasteko prozesuak prestatu eta orientatu behar ditu. Eta haur guztiek ez dute erritmo berean aurrera egiten, ezta denbora berean ere. Prozesu horretan, irakasleek, ikasleek eta familiek gogoeta egin behar dute, planteatutako helburuak lortzeko bidean ikasleek nolako aurrerapena izan duten ikusteko eta ikaskuntza-estrategia berriak programatzeko. Ebaluazioa ez bada hobekuntzarako elementu bat, ikasleak hautatzeko eta erreprimitzeko arma bihurtzen da. LOMLOEren ebaluazioaren ikuspegi selektibo hori argi geratzen da selektibitate-probari eusteko erabakian ere, batxiler-tituluari ukatu egiten baitzaio goi-mailako titulu batera sarbidea izateko behar lukeen legitimitatea.
“Lege berri” honek ez du langile-kopurua handitu behar denik xedatzen, ezta irakaskuntzako irakasleen bitartekotasun-tasa izugarriak zuzentzeko modurik ere, eta %24ko bitartekotasun-tasa daukagu, lege-iruzur egoeran (aldi baterakoa edo unean unekoa betikotuz). Lan-baldintzak nola hobetu ere ez du ezartzen lege berriak, irakasleek murrizketa gogorren garaian prekarizazioa eta tratu txarrak jasan ondoren. LOMLOEk irakasleen kidego bakarraren eraketan ere ez du aurrera egiten.
Argi dago ez dela nahikoa LOMCE indargabetzea; handik eratorritako murrizketa eta elementu pribatizatzaile guztiak irauli behar dira.
5- Ez du sakontzen DEMOKRAZIAN eta PARTAIDETZAN
Ikastetxeen demokratizazioa ere hezkuntza-kalitatearen parametro oso garrantzitsua da, eta ez da behin betiko bultzatzen LOMLOErekin. Pertsona bakarreko zuzendariaren formularekin jarraitzen da, ikastetxeen funtzionamendu hobea bermatuko lukeen zuzendaritza kolegiatuago baten alde egin gabe; profesionalizazioaren alde egin gabe, konpromisoaren alde eginez. Zuzendaria oraindik ez du aukeratzen eskola-kontseiluak. PSOEren LOEk ordezkatu zuen aukeratzeko modu hori, eta “hautaketa” bat jarri zuen, azken batean, administrazioaren esku geratzeko; hala ere, orain, LOMLOEk ordezkaritza handiagoa ematen die ikastetxeei zuzendaritza hautatzeko batzordeetan, administrazioaren kaltetan. Eskola-kontseiluek aldatu gabe jarraitzen dute, eta beren izaera estamentalari eta formalari eusten diete, BAINA ESKUMEN BATZUK BERRESKURATZEN DITUZTE, KLAUSTROEK BEZALA. Eskola publikoa benetan hala izan dadin, ikastetxeak demokraziaren bizipen-gune bihurtu behar dira, eta horrek benetako jardunbidea izan behar luke ikasgelan eta ikastetxeko bizitzako esparru guztietan. Horrek esan nahi du hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartze, erantzukizun eta konpromisorako estrategiak eta bideak sortu behar direla.
6.- Aurrerapenak, zehaztu gabe dagoen CURRICULUM batean
Agian hau izango da LOMLOEk gehien garatuko duen alderdietako bat. Curriculum integratuaren kontzeptua eta arlokako lana txertatzen ditu, proiektu “esanguratsu eta garrantzitsuen” garapena, arazoak elkarlanean konpontzea, lankidetza, ikaskuntza-lanak, komunitatea zerbitzatzea eta eskola-ibilbide seguruak. Irakurketa sustatzeko planen beharra azpimarratzen du, eta digitalizazioaren aldeko apustu arin bat egiten du, gehiegi zehazten ez badu ere. Gure demokraziaren historia txertatzen du, arreta berezia jarriz emakumeen lorpen sozialetan eta hezkuntza afektibo-sexualean. Ebaluazioari eta mailaz igotzeari dagokionez, ikuspegi kuantitatibo hutsa gainditzen du, eta zeregin horiek irakasleen esku uzten ditu, neurri pertsonalizatuak eta indartze-plan espezifikoak ezartzeko eskatuz. Hala ere, indarrean uzten ditu ikaskuntza-estandar ebaluagarriak, baina orientagarriak izango dira curriculuma aldatzen den arte.
LOMLOEk Filosofia irakasgaia derrigorrezkotzat jotzen du batxilergoko bi ikasturteetan, eta Filosofiaren Historia berreskuratzen du; Etika kendu egiten du DBHko 4. mailan. LOMCEn galdutako Hezkuntza Artistikoko elementuak ere berreskuratzen ditu. “jasangarritasunerako hezkuntzako” edukiak txertatzen ditu, eta trantsizio ekologikorako hezkuntza lantzen da, justizia sozialeko irizpideekin.
Batxilergoko laugarren modalitate bat sartzen du. Eta Lanbide Heziketa irauli egiten da: Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek DBHko titulua lortu ahal izango dute; zikloak malgutu egingo dira, guztiek iraupen bera izan ez dezaten; eta, aldi berean, Lanbide Heziketako masterrak sortu, eta LHko irakasle teknikoak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan txertatzen ditu.
Alabaina, mantendu egiten ditu honako hauek: konpetentzien eredu konduktista eta merkataritzakoa, eredu neoliberalak natural bihurtzen duen ekintzailetza, eta, irakasleen kolektiboek, gurasoen elkarteek eta hezkuntza-munduarekin lotutako beste kolektibo eta elkarte batzuek hainbeste kritikatzen duten elebitasun segregatzailea.
Hitzaurrean aipatzen den memoria demokratikoari zehaztapen txiki bat egiten zaio 41. xedapen gehigarrian, oso orokorrak eta interpretazio aldakorrekoak diren terminoekin.
7.- MEMORIA EKONOMIKORIK gabe, FINANTZAKETA-LEGERIK GABE
Finantzatu ezingo den “hezkuntza-lege berri” baten aurrean gaude. Ez dakar finantzaketa-legerik berarekin, eta Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatu nahi du finantzaketa: BPGaren %5ean kokatzen du kopuru hori, 10 urte barrurako lortzeko, 2032rako (azken xedapenetako zortzigarrena, 155.2 artikulura jotzen duena).
Espainiako hezkuntza-inbertsioa, orain, %4,3koa da, eta Europako batez bestekoa BPGaren %6 baino gehiago. Beharrezkoa da Espainiako Estatuan BPGaren %7 Konstituzioaren bidez blindatzea hezkuntzarako.
Zume hauekin saski gutxi egin daitezke.
Eta Enrique Diez Gutierrezek esaten duen bezala, benetan arriskutsua honako hau da: “Hezkuntza publikoa isilpean finantzatzea agente pribatuen bidez”.
“Zalantzarik gabe, La Caixarekin, Bofill Fundazioarekin eta duela gutxi Amazonekin egindako lankidetza-hitzarmenen bidez de facto gertatzen dena jasotzen du Zelaa Legeak. 122. artikuluak esaten du ikastetxe publikoek ‘baliabide osagarriak’ lortu ahal izango dituztela, aurrez beren eskola-kontseiluen onespena lortuz gero, hezkuntza-administrazioek ezarritako baldintzetan”.
Legeak ez du jasotzen Big Tech-ak geldiaraztea, hau da, Ipar Amerikako erraldoi teknologikoak geldiaraztea, GAFAM izenarekin ezagutzen direnak ─Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft−. Horiek guztiek lankidetza publiko-pribatuaren premia larria aldarrikatzen dute, kudeaketa hibrido publiko-pribatu berri baten bidez hezkuntza negozio-espazio bihurtzeko, Big Tech-ek kontrolatutako hezkuntza-teknologia digital ustez “berritzaile” baten kontrolpean.
Plataforma hegemonikoen esku uzten ari gara ikasleen informazioa, eta hiltzen utzi ditugu irakasleek eta hezkuntza-komunitateek eraikitako kode irekiko plataforma publikoak (adibidez, Guadalinex eta Extremadurakoa).
Kapitalismo digitalak kapitalismoaren azken mugak kontrolatu eta mendean hartu nahi ditu: guri buruzko informazioa datuetan, Big Tech-ei saltzen zaizkienak portaerak iragartzeko; beraz, ondasun komun eta funtsezko bat. Haiek dira ekonomia digital berriaren lur-jabe neofeudalak, subiranotasun digitalaren kontrola eskuratu dutenak.
Negozioa geu gara: ikasleei buruzko informazioa lortzea da helburua, ikastetxeak datu eta informazio merkaturagarriaren fabrika bihurtuta, egungo nahiz etorkizuneko bezeroei buruzko datu horien bidez bezero horiek fidelizatzeko asmoz.
8.- Amaitzeko
Beste behin ere, hezkuntza-arazoak emantzipazioaren eta gizarte-eraldaketaren ikuspegitik aztertzeko aukera galdu da. Beste behin ere, lege bat egin da hezkuntza-komunitatearen, irakasleen sindikatuen eta udalen parte-hartze aktiborik gabe. Irakasleok sorgor ikusten dugu, erreformaz erreforma, ministerioen bulegoetatik marko orokorrak aldatzen dituztela, eta ez dituztela irakaskuntza-jarduera hobetzeko baldintza errealak hobetzen, hala nola ordutegien eta denboren malgutasuna ikasleekin eta familiekin, denbora eta kalitate gehiago prestakuntzarako, ratioen murrizketa, ikuskaritzaren rol-aldaketa, hezkuntza-baliabide gehiago izatea… Aldi berean, alferrikako burokraziak gora egiten du, eskola-bizitzari denbora bahituz. Zuzendaritzak alde batera utzita, irakasle gutxik irakurtzen dituzte legeak, eta horiek oso gutxitan aldatzen dute ikasgeletako eguneroko dinamika. Irakasle askok eta askok ordu luzeak eman ditugu aztertzen ea gure ikasgeletan egiten duguna zenbateraino ote datorren bat legeren batekin, egiten dugun hori egiten utz diezaguten. Indarrean dauden hezkuntza-legeak hor egon arren egin dira berrikuntza pedagogikoko proiektu asko, edo lege horiek aintzat hartu gabe edo legeei aurrea hartuz.
Ez diot garrantzirik kendu nahi hezkuntza-lege bati; inozoa izango litzateke ukatzea batzuetan ikasleen etorkizuna eta irakaskuntza-lana mugatzen dutela. Hala ere, oraindik ere pentsatzen dut, edozein izanda ere legeak eta edozein izanda ere lege horiek aldarrikatzen dituztenak, ezin izango digutela kendu espazio magiko hori, elkarrekin bizitzeko, ilusioak sortzeko eta ezagutzak, interesak eta afektuak partekatzeko gure ikasleekin eta familiekin elkartzeko espazio magiko hori. Inork ezingo digu inoiz kendu, guk nahi ez badugu, kulturaren sorkuntzarako eta birsorkuntzarako espazio hori, eskola alegia, baldin eta bizitzeko espazio bihurtzen bada; entzuteko, hausnartzeko, elkar ezagutzeko denbora uzten badugu; samurtasunerako denbora ematen badugu, harritzeko gai bagara, irribarreak eragiten baditugu edo eragiten badizkigute, zalantzak eta aurkikuntzak sortzen baditugu, ziurtasunak argitzen baditugu. Hori gertatzen denean, bakean sentitzen gara, eta behar adinako indarraz ere bai, portu hobe baterantz bidaiatzen jarraitzeko, noraezean, atsedenik gabe.